XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Fenomeno sozial hori ez da Euskal Herrian soilik ikusten; mundu osoa herri txiki bat bilakatzen ari den denbora honetan, berdinkeriaren aztapar luzeak oro mehatxatzen ari dituen aldi berean, berezitasun eta izaeraren eskea emendatuz doa.

Ez atzera begiratzeko, balore mitiko batzuei lotuz, baizik eta nortasun indibidual eta kolektibo berritu baten bizitzeko asmoz.

Gaur egun, jende argitu bat ez da aurkitzen hizkuntzen eta kulturen funtsezko eskubideak ukatuko dituenik.

Administratiboki eta juridikoki ere, gutienez ontasun bezala kontsideratuak dira (Frantses Estatuan adibidez), gehienez legedia aurrerakoi batek babesten ditu, hauen garapenaren ateak idekiz komunikazio handiko hizkuntza eta kulturen alboan (Espainol Estatuaren kasua adibidez).

Garai nahasi honetan, ainitz hizkuntza eta kultura desagertu edo desagertzeko heinean badaude, beste batzuk diraute edo irauteko nahikeria handia agertzen dute gizateriaren aberastasun eta aniztasunaren lekuko direla.

XXI. mendearen bezperan aurkitzen garela, euskara eta euskal kulturaz hausnarketa bat egitea eskatua izan zaigu.

Azken hamarkada honetan bizi izan ditugun esperientzien argitara saiatuko gara gure ekarpena bideratzen.

Erran gabe doa irakurle, Ipar Euskal Herriaren leihotik eskainita eskuratuko dituzula azterketa eta gogoeta hauek.

Alde batetik, Hegoaldeko egoera ez baitugu aski ongi ezagutzen hala ere atal batzuetan, datu fidagarri batzuk eskutan izanez, erkaketa batzuen proposatzera ausartatuko gara eta bestetik, Ipar Euskal Herriaren gaurko egoera eta oihartzuna adieraztea garrantzitsua iruditzen baitzaigu.

XX. mendeko erronka nagusia izango delarik, bi aldeen artean dagoen muga kulturala urratsez urrats gainditzea.

Kulturaz bi hitz

Diagnosi ahalik eta zintzoena bideratu baino lehen, garrantzitsua iruditzen zaigu lan honi mugarri batzuk emaitea.